viernes, 18 de noviembre de 2011

Ipuin kontaketa

Gaur, ipuinei buruz hitz egingo dizuet. Ipuinak, oso onuragarriak dira umeentzako; batez ere, irudimea garatzen laguntzen dutelako. Gainera, baloreak trasmititzen dituzte eta hauek umearen buruan grabatzen dira ia-ia konturatu gabe. Horrela, handiak direnean, txikitan barneratutako balore guztiak izango dituzte. Bestalde, gauza berriak irakatsi ahal diegu.
Beste aldetik, denbora hori beraiekin pasatzerakoan, gure arteko erlazioak sendotuko dira. 
Gozatu zuen seme-alabekin eta erakutsi ezazue irakurtzeak daukan garranzia. 


Hona hemen interesgarriak diren ipuin batzuk: 



Artzain zoritsua 
Artzain-mutil gazte bat, udaberriko goiz distiratsu baten, mendi bizkar orlegi eta loretsuan bere arditxoak zainduaz, alaiki eta gozaro aurkitzen zen. Une oroko abesti eta soinu jotzeaz erakusten zuen bere barrengo atsegin ugaria. 


Halakoren batean urreratu zitzaion han inguruan ehizatzen zebilen laterri jaurlaria, eta onginahiz honela hitz egin zion: 



— Alaitsu aurkitzen zaitut, gazte. 



Artzainak, nori hitz egiten zion jakin gabe, erantzun zion: 



— Bai, eta nola ez? Gure jaurlaria bera ere ez da ni baino aberatsagoa. 



— Benetan? — zion harriturik jaurlariak — Jakin behar dut non dituzun aberaski horiek. 



— Bai, bai. Hara; — jarraitu zion artzainak — ortzi urdin horretan agertzen zaigun eguzki distiratsuak jaurlari jaunarentzat bezain argi bidaltzen du niretzat ere. Mendi eta zelai, ibar eta soroak, bakoiztasun gabe ematen dizkigute urrin eta usain goxozko hostaila eta loreak. Nire esku eta besoak ez nituzke emango berrehun mila laurlekogatik, eta nire begiak erosteko ez dira aski jaurlariaren aberaski guztiak. Nahi dudan adina jaten dut, edan ere bai; zer jantzi badut, eta urtero lansaritzat ematen didate behar dudan adina diru. Gainera, Jaungoikoaren adiskide naiz. Ez al naiz bada jaurlaria bezain aberatsa? 



Jaurlariak, irribarrez artzainari begiratuaz, eta nor zen jakinarazi ondoren, honela erantzun zion: 



— Bai, artzain zoritsua: hizpidean hago. Hire jaurlariak ere horrela uste dik. Iraun diezaala urte askotan zorionezko alaitasun horrek. 



Barrengo alaitasunez 
Bizi den otseina 
Jaurlari jauna baino 

Aberatsagoa da. 


Lehoia eta sagua

Behin batean, lehoia lurrean etzanda zegoen, luze-luze eginda, lo egin nahian. Eta sagua gainetik zebilkion zirikatzen, txintxan. Lehoia sagua buztanaz uxatzen saiatu zen. Saguak ekin. Lehoiak purrustada batzuk egin zituen. Alferrik. Lehoiak, azkenean, erpekada batez harrapatu zuen sagua.

Ahora sartzekotan zegoela, saguak barkamena eskatu zion:



- "Mesedez, faborez, arren, enazazu jan! Ni hain nimiñoa izanda, etzara asetuko. Gainera agian nire laguntasuna beharko duzu egunen batean."



- "Sagu batek niri lagundu? Ja, ja."



Lehoiari arrazoi barregarria iruditu zitzaion eta barkatu egin zion.



– "Tira, alde hemendik!"



Saguak eskerrak eman eta ziztu bizian aldegin zuen, lehoia damutu baino lehen.
Handik egun batzuetara, lehoia ehizan zebilela tranpa batean, sare batean, kateatuta gelditu zen. Han zegoen oihaneko erregea askatu ezinik, gixajorik gixajoenaren antzera, ezertarako gauza etzela. Amorratuta eta erabat etsita, lehoiak oihu ikaragarri bat egin zuen, oihana dardarka jartzeko adinakoa. Atera kontuak nolakoa izango zen: oihartzunak berak ere belarriak mindu egiten zituen.



Oihua entzun eta.. etzen ba sagua ingurura etorri! Sagua sareari haginka hasi zitzaion bere hortz txiki eta zorrotzak erabiliz. Orain sokatxo bat apurtu, gero beste bat, gero beste bat eta azkenerako lehoia askatu zuen. Hura lehoiaren poza! Lehoiek berez dute aho galanta ezta?, ba ikustekoa zen lehoi haren irribarrea! Pozik egonda ere beldurra ematen zuen haren ahoak.
Sagua ez, sagua etzen beldurtu.



- "Esan nizun behin, ni askatzea zure onerako izango zela. Ni aske utzita asmatu egin zenuen. Indartsuenari ere makalaren lagun izatea komeni zaio".



Lehoiak arrazoia eman zion. Ikustekoa zen! Katu otzan baten antzera mugitzen zuen buztana eta lehengo orroeak edo purrustadak egin beharrean:



- "Aii, Nire sagutxo kuttuna! Etorri nirekin ene maitea!"


qrcode

No hay comentarios:

Publicar un comentario